XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Papelerako zuzendariei leporatu dizkiote Ibaizabalgo isuriteak

BILBO

Celulosas del Nervion enpresako buruek Jose Ramon Badia fabrika honetako zuzendariari leporatu dizkiote 1989 eta 1990. urteak bitartean Iurretako ur arazkailua martxan jarri aurretik enpresa honek Ibaizabal ibaiko uretara bota zituen isuriteez, adierazi zuen atzo Carlos Alonso Ekiko kidea eta talde ekologistako abokatuak.

Iturri berberen arabera, Jose Ramon Badiak auzi honetan izan zuen erantzunkizuna onartu zuen.

Era berean, enpresako beste hiru buruk Durangoko Hirugarren Epaitegian deklaratu zuten atzo.

Honen arrazoia Durangaldeko Ur Partzuergoak eraso ekologikoagatik enpresa honen aurka jarritako salaketa izan zen.

Eki abokatuaren esanetan, salaketak bi ardatz ditu.

Alde batetik, 1989. urtetik enpresak ur arazkailuarekin 1990.eko ekainean konektatu arte, Celulosas del Nervion enpresak muga legalen kanpo egin zituen isuriteen erantzunkizuna eskatzen da.

Salaketaren bigarren atalean, joan den ekainaren hamairuan lau orduz jarraian, enpresak Ibaizabal ibaian botatako 3.000 metro kubiko hondakin isuriteren erantzunkizuna eskatzen da.

Iturri berberek adierazi bezala isurite honek ibaiko fauna guztia hil zuen azaldu zuen Carlos Alonso abokatu eta militante ekologistak.

Enpresako arduradunek atzo Durangoko epaitegian aditzera eman zutenez, ekaineko isuritea hondakin urak arazkailura bideratzen dituen bonba hornitzen duen sistema elektrikoan izandako matxura baten ondorioz gertatu omen zen.

Alonsoren arabera, ikertzen diren gertaerak eraso ekologikoa izan daitezke eta legediaren arabera, kasu hauetan bost milioi pezetako isuna ezarri ahal zaie erredunei.